Basoan murgilduz
Sarrera
|
Basoa. Zer da basoa? Geldi geldi dagoen zuhaitz berdin berdinen multzoa? Murgil zaitez basoan, behatu! Urte guztian inguratzen zaituzten eta mugitzen ez direla dirudien zuhaitzarte horietan ikaragarrizko bizia eta aldaketak nabarituko dituzu, asko gainera. Animaliaz eta landarez inguratuta aurkituko zara eta kolore-aldaketa nabarmenak, forma eta elementu aldaketak, askotariko elkarrekintzak… ikustea lortuko duzu. |
Ikas-egoera hau derrigorrezko bigarren hezkuntzako 1. mailan lan egiteko pentsatuta dago. Honen bidez, inguruneko paisaia eta ekosistemak interpretatzeko gai izatea bilatzen da, bertako elementuak aztertuz eta giza ekintza jakin batzuen ingurumen-inpaktuari buruz hausnartuz. Bestalde, material hau erabiliz Euskal Herriko ekosistemetako izaki bizidunak identifikatzen ikastea eta prozesu naturalak azaltzeko gai izatea da helburua.
Era berean proposamen honekin kontzientzia ekologikoa eta naturarekiko errespetu- eta zaintza-balioak garatzea da asmoa, garapen iraunkorrerako hezkuntzaren printzipioekin bat etorriz.